Kirmen Uribe
Urrezko eraztuna
Urrezko eraztuna
Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna. Marinel guztiek bezala, kendu
egiten zuen hatzetik eta lepokoan jarri, sarea largatzean hatza gal ez zezan.
Handik marea batzuetara izebak, legatz batzuk garbitzen ari zelarik, urrezko
eraztun bat aurkitu zuen arrainetako baten sabelean.
Eraztuna garbitu, eta grabatuta zituen letra eta zenbakiei jarri zien arreta.
Gezurra zirudien arren, gurasoen ezkontza eguna ematen zuten aditzera datak eta
inizialek.
Itxura guztien arabera, aitak berak harrapatu zuen eraztuna jan zion legatz
hura. Itsasorik zabalenean.
Udako gau bareak barruko haizea dakar eta oroitzapenak.
Kasualitateak orbita zabal-zabaleko planetak direla otu zait zeruari begira.
Behin edo behin ageri dira bakarrik.
Eraztunarena kasualitate handiegia da. Baina ez du axola. Inportanteena orain
hauxe da: urte askoan eraztunaren istorio hori sinesgarri egin zitzaiela gure haur
adimen txikiei.
Gauez, itsasoak legatz baten distira du.
Izarrek salto egiten dute ezkaten antzera.