Kirmen Uribe
Musua
langue: basque
traductions:
espagnol (Beso), allemand (Kuß), anglais (The Kiss)
Musua
Nire titiak txikiak dira eta begiak biribilak.
Zure zangoak, luzeak eta freskuak
iturritik behera datorren zurrusta bezala.
Hozka egin dizut zaman,
sendoa duzu, heldu gabea oraindik,
intxaur erori berriaren antzeko.
Nire gainera igo zara eta musuka hasi sabelean,
uhin umelak barreiatu dizkidazu azalean,
orain hemen, gero han,
ekaitza hasi baino lehen erortzen diren
lehen tanta lodiek bezala, pla, pla, pla.
Lo geratu gara bizkar eta bular,
biltzen diren moduan ezpainak
hasperenaren ostean.