Kirmen Uribe
Irla
Irla
Horixe da zoriona,
orduka lan egiten duen behargina.
ANNE SEXTON
Igandea da hondartzan asmo oneko jendearentzat.
Hango arrabots urruna entzuten da irlatik.
Uretara sartu gara biluzik,
Anemonak, trikuak, barbarinak ikusi ditugu hondoan.
Begira, haizeak garia bezala mugitzen du urak hondarra.
Urpera sartu eta azpitik begiratu zaitut.
Atsegin dut esku eta zangoen mugimendu geldoa,
Atsegin sabelpeek itsasbelarren forma hartzean.
Lehorrera igo gara. Bero da eta itzal egiten dute pinuek.
Gaziak dira zure besoak, gazia bularra, sabela gazia.
Ilargia itsasoarekin lotzen duen indar berak lotu gaitu geu ere.
Mendeak segundu bihurtu dira eta segunduak mende.
Udare zurituak gure gorputzak.
Anemonak, trikuak, barbarinak ikusi ditugu hondoan.
Igandea da hondartzan asmo oneko jendearentzat.